Gaurkoan, Arabako ekialdeko mendietara egingo dugu bidai, Gipuzkoa eta Nafarroko mugetatik gertu. Hain zuzen, Elurzulo (1431 metro) eta Aratz (1443 metro) gailurrak igoko ditugu (bata bestearen alboan, Altzania mendilerroko bi tontorrik garaienak), ondoren Leizarratera jaisteko (San Adrianeko tunela), Gipuzkoa eta Araban arteko muga naturala.
Asparrengo udalerria atzean utzita, martxa Ajuria Urigoitiatik goiz goizean hasiko dugu, garai batean mendietatik jaisten ziren metalak prozesatzeko lantegia zenetik. 1848 urtean eraikita, Euskal Herriko industrializazioaren ereduzko paisaia dugu ibilaldiaren hasieran. Gaur, egun batean izan zenaren hondakinak geratzen zaizkigu, baina lekua berreraikitzeko hainbat proiektu daude martxan.
Lantegia eskuinean utzita, pixka bat aurrerago bagonetako aldapari aurre egingo diogu; horrela deituta antzina meategietatik lortutako mineralak lantegira jaistea baitzen haren helburua. Duela gutxi arte, aldapan ere garai hartako aztarnak ikus zitezkeen, hots, burdinbideak eta bagonetak. Gaur, han zegoen bagoneta bat berriztu eta Araian bisita daiteke.
Bagonetako aldaparen penditzarekin berotuta, pultsazioak igota, Aizkorri-Aratz parke naturalean barneratuko gara. San Miguel haitza ezkerretara utzita, basoan murgilduko gara eta, bi kilometroko txanpa egin ostean, Iturriotzera iritsiko gara. Basoaren erdian dagoen iturria da, mendietatik jaisten den ur fresko-freskoarekin. Bertan indarrak ur tragoxka eder batekin behin berreskuratuta, bideari berriro ekingo diogu.
Iturriaren atzean dagoen aldapa hartuta eta ezkerrera jota, beste kilometro erdiko txanpa dugu aurretik, Azkosaroira iritsi arte, herrian “La cabaña del tuerto” ezagututako korta. Hemen, egunak hala nahi izanez gero, paraje ederrak aurkituko ditugu. Aurrean, kortaren atzean, Aizkorri. Eskuinean, Elurzulora igotzeko dagoen kilometro bertikala. Gu (momentuz, gure presidentea behintzat pizten ez bada) bide hori ekidituko dugu. Kortaraino iritsi eta eskuinaldean dagoen basoan barneratuko gara, beste kilometro batez.
Basotik behin irtenda, bidegurutze batera iritsiko gara, kareharria dagoeneko nabarmen den lepo batean. Ezkerrean, bueltan Leizarratera egingo dugun bidea; aurreran, Aratzetik itzuliko garen ibilbidea; eta eskuinean, gaur hartuko dugun aldapa, Elurzulora iristeko. Hala ere, momentu hau paregabea da pausa bat hartu eta panoramika bat egiteko. Orain arteko bistarik onenak edukiko ditugu: Arabako lautada, kareharriko tontorrak eta Aizkorri. Bista ederragoak, ordea, goian edukiko ditugu. Beraz, ¡gorantza! Behin Elurzulo gainara iritsita, beste hamar minutuko tartea dugu Aratzera iritsi aurretik. Eguna gurekin badago, paisaia ederra gure aurrean. Hueskako Pirinioak ere ikusteko aukera edukiko dezakegu.
Aratzetik, ezkerraldean Gipuzkoara begira dagoen kanpa batetik jaitsiko gara, aurreko bidegurutzera iritsi arte. Hemen, alabaina, Leizarratera jaistea ala ez erabaki beharko dugu. Aratzera igo nintzen azken aldian, normalean denbora gutxiagotan egiten nuen bidea osatzea gehiago kostatu zitzaidan, elurraren ondorioz. Bertan erabaki beharko beraz, egunaren arabera, ea Araiara denboraz bazkaltzeko (eta poteorako) iristen garen ala ez.
Leitzarrateko bidea hartuz gero, lehen ezkerrean utzi dugun bidea (orain eskuinean) hartuko dugu, zuzen-zuzen San Adrianeko tuneleraino, pare bat kilometro ibilita. Bertan, mokadutxo bat jateko leku aproposa daukagu. Tunelean San Adrianeko ermita dugu kokatuta eta, Arabako aldean, estazio megalitiko bat. Hemendik ere Aizkorrira igotzeko ere aukera edukiko du ausartenak (¿Iñigo?). Gu ez behintzat.
Herrira pixkanaka bueltatzeko ordua iritsi zaigu. Leizarratetik Astorga eta Burdeos batzen zituen Erdi Aroko galtzada hartuta (gaur egun ere oso ondo mantenduta), hiru kilometroko bidea egingo dugu Zumarraundira iritsi arte, “las petroleras” izenarekin ere ezagututa.
Bertatik, bi errepide ikusiko ditugu: bata eskuinera gora, Urbiara dioana; eta beste bera, Zalduendora eta Araiara. Guk behera dioana hartuko dugu, baina berrehun metroz. Ezkerrean dagoen basoko bidea hartuko dugu, bi kilometroz, berriro Iturriotzera heldu arte. Handik, hasieran egin dugun bidea desegitea besterik ez zaigu falta, lantegira berriro iriste arte.
Hemendik, ordea, ibilbidea motza geratu ezean, lantegira berriz jaisteko beste bide bat har dezakegu, Zirauntza ibaiaren iturburutik doana, hain zuzen. Beste kilometroko kontua izango litzateke, eta urteko sasoi honetako argazkiak asko merezi dute, hemen atxikita doanaren isla.
Gutxi-gorabehera bost orduko bidea bete ondoren, gose eta egarri helduko gara Araiara. Eguraldi ona izanez gero, frontoiko arkupetan edo elizako portxean bazkaltzeko aukera edukiko dugu, tabernetatik gertuko leku estrategikoan. Eguraldi txarra eginez gero, frontoi zaharreko giltzak eska daitezke bazkaltzeko.
Kilometroak: 15 km (16,4 Zirauntzaren iturbideatik)
Denbora: 5-6 ordu
Desnibel positiboa: 1100 metro inguru
Zailtasuna: ertaina
Zailtasun teknikoa: erraza (elurtuta ez izanez gero)
Irteera goizeko 07:30etan izango da, Agueseko biribilgunean.
Animatu!!
Download “Aratz-eko track-a”
Araia-Elurzuloak-Aratz-Leizarrate-Zumarraundi-Zirauntza-Araia.gpx – Downloaded 630 times – 248,16 KB