Albizturko plazatik abiatuta, ibilaldiaren parte handiena PR GI 81 ibilbidetik egingo dugu. Abiatu eta gutxira, Atxesaeta baserriaren ondoko iturritik pasatuko gara. Basoan gora segituko dugu, eta, Txorrostegi baserria atzean utzita, Ortzabal ingurura iritsiko gara. Handik gertu, Aizkorri Txiki bailarako bidearekin bat egingo dugu. PR GI 81 utzi eta ezkerretara egingo dugu, Arrozpide Berriko bordaraino joan, eta han pista utzi eta eskuinera joko dugu, Herniozabalerainoko igoera hasteko. Lehenik, Uraizko puntaren eta Herniozabalen arteko lepora igoko gara, eta handik eskuineko ertzetik jarraitu gailurreraino (1.011 m). Jaisten hasi eta gutxira, Lizarbakarratik igaroko gara, Urkizuko bidea alde batera utzi eta berriz ere Aizkorri Txiki bailarako bidera iritsiko gara. Mendikutera joateko, bidea gurutzatu behar dugu, eta pinudi batean barrena segitu. Igoeraren azken zatia karstikoa da, ibiltzeko deserosoa, baina zailtasunik gabea. Mendikuteren gainaldean (861 m), Erdi Aroko gaztelu baten hondakinak daude. Koldo Mitxelenaren arabera, Mendikute izena latinezko Mons acutum delakotik dator. Gaztelutik gertu, Aralartik zetorren galtzada baten aztarnak daude; dirudienez, Zarautz eta Donostia ingururainoko lotura egiten zuen. Hala ere, ez dago argi zein zen gazteluaren funtzioa, aztarna eta iturri urriak baitira. Hiru.eus webguneko helbide honetan eta Wikipedian dago gazteluaren inguruko informazio zehatzagoa. Aizkorri Txiki bailarako bidera itzuliko gara, eta PR GI 81 bidetik jaisten jarraituko dugu, Albizturrera itzuli arte.
Distantzia: 12,9 km
Desnibela: 816 m
Iraupena: 3-4 ordu
Zailtasuna: erraza
Irteera: Agoues biribilgunean, goizeko 7:30an.



