Baraibar – Iribas – Basakaitz iturburua – Aitzarratetako iturburua – Muzkua –
Baraibar
Aurtengoan Nafarroako Larraun Bailarara joango gara geure ibilaldi eta bazkaritxoa egitera. Aralar mendiaren ekialdera hain xuxen.
Baraibarren hasi eta bide zabaletik Iribas herriskara joango gara, hemendik maldatxo batetik behera
eginez Larraun erreka sortzen den Basakaitz iturburura jaitsiko gara.
Ondoren, etorritako bidean pauso batzuk atzera egin eta bide edo xenda polit batetik jarraituz Lezegalde leizea dagoen gunera iritsiko gara, aurrera jarraituz Ertzilla erreka lurpean sartzen den gunean izango gara. Bideari jarraituko diogu eta horrela haitz-ebaki handi baten azpian dagoen Aitzarratetako iturburua eta garai bateko errotaren hondakinak dauden gunean izango gara Iturburu hau da lehen lurperatzen ikusi dugun Ertzilla errekaren sorburua ere. Etorritako bidetik atzera egingo dugu, Arotzenea Bordaren aldamenera iritsitakoan norabidea aldatuz, Baraibar aldera joango gara, errepidera iritsitakoan hau gurutzatu eta, norabidea aldatuz Muzkua muinora igoko gara. Behin gainean, begien gozamenerako Larraun Bailararen ikuspegi bikaina dugu.
Beherako bidea hartuaz lepo batera jaitsi, eta norabidea aldatuz berriro gora ekingo diogu, horrela gaina hartutakoan alanbre-sarea gurutzatzeko gainetik pasa eta, beherako bidean jarriko gara, eta ate-sare bat gurutzatu ondoren, zatitxo bat hormigoizko bidetik behera eginda, hau utzi eta, bide zabaletik abiapuntua izan den Baraibar herrian amaituko dugu ibilaldia.
Distantzia. 10,3 km inguru. Igoera / jaitsiera metatuak 270 m inguru
Denbora: Lasai ibiliaz 4:00 / 4:30 ordu inguru


Baraibar – Iribas – Aitzarratetako iturburua – Iribas (motxa)
Ibilbide honetan ere, luzea egingo dutenaren berdina izango da Iribasera iritsi arte, hemendik aurrera bide zabal eta lasai batetik jarraituz joango gara haitz-ebaki handi baten azpian dagoen Aitzarratetako iturburura “Ertzilla errekaren sorburua” den gunera iristeko.
Itzulera, joandako bidetik atzera eginez hasiko dugu, baina laster eskuinera doan bidea hartuaz errekaren aldamenera hurbilduko gara, eta horrela jarraituz Ertzilla erreka lurpean ezkutatzen den gunean izango gara. Aurrera jarraituz Lezegalde leizea ikusiko dugu, aurrera bidean aurrera eginda azken zatian maldatxo txiki bat igo behar da Iribas herriskara iristeko.
Autobusa hemen egongo da Baraibarrera eramateko
Ibilaldi lasai eta atsegina, eta batere zailtasunik gabea, hau da; edonork egiteko modukoa.
Distantzia: 6,3 km inguru. Igoera / jaitsiera metatuak; 75 m inguru
Denbora: Lasai-lasai ibiliaz 3:00 ordu inguru


Irteera: 8:30an Agoueseneko Biribilgunean eta Nafarroa kalean Iñurritzako geltokian.
Izena ematea: Pagoeta Mendizale Elkartean, Maiatzaren 15 eta 16an. Ordua: 18:30 – 20:00 bitartean
Prezioa: Autobusa 10,00 € Bazkaria: 23,00 €
Bazkaria: Baraibarko Ostatua Jatetxean izango da.
Animatu! Mendi ibilaldia egin, eta egun pasa polit bat pasatzera

