Gogoratu egutegian 14a jarri arren, 21ean dela irteera.

Kilometroak: 13 km
Denbora: 5-6 ordu
Desnibel positiboa: 700 metro inguru
Zailtasuna: erraza
Zailtasun teknikoa: erraza

Araia inguruko baso eta mendi bazterrak miatzen jarraitzen dugu. Aurtengoan, Altzania mendilerroko ipar-ekialdeko txokoetan zehar murgilduko gara, Arabak Gipuzkoa eta Nafarroarekin partekatzen duen tripuntutik gertu (muga hirukoitza). Ibilaldiari Leze koba aurrean dagoen aparkalekutik emango diogu hasiera, Ilarduia eta Egino herrien artean kokatuta dagoen amildegi-leizetik, hain zuzen. Eremu hori, osorik, ezin hobea da eskalada gustuko dutenentzat. Espeleologia atsegin dutenentzako, aukeran ere zonalde honetan Leze koba barrutik zeharkatzea, Koloxkan (mendian gora) dagoen sarreratik.

Bretxa bidexkatik gora
Gorputza berotzeko ia astirik gabe, egunean egin behar dugun igoerarik bortitzenari aurre egingo diogu. La Leze gaztandegia ezkerrean eta Leze kobaren ahoa eskuinean utzita, Bretxa bidexkatik gora egingo dugu. Hasierako hirurehun metroak segurtasun handiagoarekin igarotzeko, hemen instalatuta dauden kate eta zirrindolez baliatuko gara. Arriskurik ez da, ordea, eta ez da igoera bereziki zaila teknikoki, bai, alabaina, fisikoki.

Artzanegiko tutuak pasata
Zirrindola eta kate gunea atzean utzita, mendian dagoen Artzanegi errekatik aintzinean ura ateratzeko eraikitako tutu batzuk zeharkatuko ditugu. Ondoren, ekialdera jota, eta Koloxkako leihora doan bidexka ezkerrean utzita (Leze kobako goiko sarrera), sasi artean doan bide batetik eguneko lehen tontorrera helduko gara: Olano (1083 m); bi kilometro eskas egina eta ia laurehun metroko desnibel positiboa metatuta, gaurkoan egin beharreko ahalegin fisikoena burutu dugu, beraz. Hemengo bistak, ordea, merezidunak dira: mendebaldean, Aizkorri-Aratz mendilerroa, baita Arabako lautada ere; hegoaldean, aurreko urtean igotako Legaire kanpak eta Entzia mendilerroa; ekialdean, Berian (San Donato, Andina), Aralar eta, urrunean, eguraldiak hala nahi izanez gero, Mendebaldeko Haranetako Parke Naturala (Pirinioak); eta iparraldean, aurtengoan murgilduko garen pagadiak.

Altzania mendilerroko ipar-mendebaldeko isuria

Olano (1083 m)
Ekialderantz jota, zertxobait jaisten, eguneko bigarren tontorrera helduko gara: Aiztxiki, edo Olano txiki (1049 m). Hemendik, norabidea aldatuta eta La Leze gaztandegiko artzainak ardiak larratzen dituen landa bat zeharkatuta, gora egingo dugu berriro, mendi-bide batetik. Desnibela ia zangotan somatu barik, laster iritsiko gara eguneko hirugarren eta azken tontorrera: Arbarrain (1118 m). Tokia ez da, ordea, tontorragatik ospetsua, baizik eta Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak puntu honetan talka egiten baitute. Hasieran aipatutako tripuntura heldu gara: puntu geografiko hau dokumentatzeko, Agurain mendi taldeak jarritako
monolito bat dugu ikusgai, euskal hiru probintziak batzen dituena.

Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko tripuntua

Norabidez aldatuko dugu berriro: mendebalderantz. Pixkana-pixkana, Araiara joko dugu. Hiru-muga atzean utzita, Altzania mendilerroko iparraldeko pagadiak igaroko ditugu, bidexka eta mendi-bideak jarraituz. Bideak hasieran jaitsiera joera hartuko du, ondoren ordekan joango gara. Pagaelortza mendi-lepoa atzean utzita eta Umandia (1224 m) tontorraren ipar-isurialdea zeharkatuz, harri estrukturek, goroldioztatutak, paraje bitxi eta magikoak sortzen dituzte zonalde honetan. Eguneko azken aldapa dugu arerio: ehun metroko desnibela egina, Atabarrateko mendi-lepora iritsiko gara.

Zirauntza ibaiaren iturburua
Hemendik, Araba lautadaren estanpa aurrean dugularik, Zirauntza ibaiaren iturburura jaitsiko gara, zeinen urek Arga ibaia, lehenbizi, eta Ebro ibaia, ondoren, harrotuko dutenak. Ibaiaren magaletik azken bi kilometroak beherantz egin ostean, Ajuria Urigoitia fabrikara iritsiko gara, garai batean mendietatik jaisten ziren metalak prozesatzeko lantegia zenera. 1848 urtean eraikita, Euskal Herriko industrializazioaren ereduzko paisaia dugu ibilaldiaren amaieran.

Ajuria Urigoitia lantegia
Gutxi-gorabehera bost orduko bidea bete ondoren, hamahiru kilometro eta zazpiehun metroko desnibel positiboarekin, gose eta egarri helduko gara Araiara. Eguraldi ona izanez gero, frontoiko arkupetan edo elizako portxean bazkaltzeko aukera edukiko dugu, tabernetatik gertuko leku estrategikoan.

Download “Leze -Olano - Araia Track-a” Araba-Nafarroaeta-Gipuzkoarteko-tripuntua.gpx – Downloaded 396 times – 250,57 KB
IRAILAK 21: Leze kobatik gora: Araba, Nafarroa eta Gipuzkoaarteko tripuntua (Olano, Aiztxiki eta Arbarrain)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.