Kilometroak: 11,50 km
Denbora: 5-6 ordu
Desnibel positiboa: 850 metro inguru
Zailtasuna: ertaina
Zailtasun teknikoa: ertaina
Gaurkoan, Arabako ekialdeko mendietara egingo dugu bidai, berriro. Hiru urte pasa dira zehazki haizete bat dela medio Aratzetik berrehun metrotara buelta eman behar izan genuenean. Ordundik bihotzean daramagun arantza ateratzeko momentua iritsi da.
Asparrengo udalerria atzean utzita, martxa Ajuria Urigoitiatik goiz goizean hasiko dugu, garai batean mendietatik jaisten ziren metalak prozesatzeko lantegia zenetik. 1848 urtean eraikita, Euskal Herriko industrializazioaren ereduzko paisaia dugu ibilaldiaren hasieran. Gaur, egun batean izan zenaren hondakinak geratzen zaizkigu.

Lantegia eskuinean utzita, pixka bat aurrerago bagonetako aldapari aurre egingo diogu; horrela deituta antzina meategietatik lortutako mineralak lantegira jaistea baitzen haren helburua. Duela gutxi arte, aldapan ere garai hartako aztarnak ikus zitezkeen, hots, burdinbideak eta bagonetak. Gaur, han zegoen bagoneta bat berriztu eta Araian bisita daiteke.

Bagonetako aldaparen penditzarekin berotuta, pultsazioak igota, Aizkorri-Aratz parke naturalean barneratuko gara. San Miguel haitza ezkerretara utzita, basoan murgilduko gara eta, bi kilometroko txanpa egin ostean, Gaztazapadoiko etxolara iritsiko gara. Bertan, Gabonetan eta Gabonzaharretan mendira doazenei salda emateko ohitura dago.
Etxola atzean utzita eta PR-A 11 seinaleak jarraituta, Allarteko mendatera iritsiko gara, kilometro bat pasata. Arabako lautadako bistak atzean eskuragai edukiko ditugu. Hemendik, eguneko lehen tontorra: Imeleku (1419 m). Gailur honen izena magiaz beteta dago. Kondairek erraten duten arabera, inguruko mendatetan eta kobetan sorginak batzen ziren. Ime- (“eme”) -leku. Hauetako koba bat ikusteko aukera ere edukiko dugu (badaude pare bat simak direla: kontuz ibili behar!).
Pixkatxo bat jaitsita, Aratzarteko mendatera helduko gara. Hemendik, eguneko azken desnibelari aurre egingo diogu. Bostehun metroko aldapatxoa gaindituta, eguneko tontor altuena, gure kriptonita: Aratz (1445 m). Aurtengoan bai?

Aratzeko kresteriatik Elurzulora iristiko gara (1431 m) eta, hemendik, jaitsierari emango diogu hasiera. Baso bat pasata, Azkosaroira, herrian “La cabaña del tuerto” ezagututako korta. Hemen, egunak hala nahi izanez gero, paraje ederrak aurkituko ditugu. Atzean, Aizkorri. Ezkerrean, Elurzulora igotzeko beste igoera bat, kilometro bertikala. Gu gaurkoz nahiko.

Basoan berriro murgilduta, bi kilometro pasata, Iturriotzera iritsiko gara. Basoaren erdian dagoen iturria da, mendietatik jaisten den ur fresko-freskoarekin. Bertan indarrak ur tragoxka eder batekin behin berreskuratuta, bideari berriro ekingo diogu.

Hasieran pasa dugun bidegurutzea atzean utzita, bide ezagunetatik ibiliko gara orain. Amaierarako, ordea, sorpresa txiki bat gordeta dizuegu. Desbideratze txiki bat eginda, Marutegiko gaztelua bisitatuko dugu, herritik gertuko muino batean altxatzen dena. Goi Erdi Aroan eraiki zuen mugak defendatzeko, VIII. mendean hain zuzen ere, Nafarroako Gartzia Iñigez erregeak. Gazteluaren kokapen estrategikoagatik, funtsezkoetako bat izan zen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan.

Eskaladan adituentzat, igotzeko hainbat aukera daude. Ez gaurkoan. Hain zuzen ere, ordu honetarako gose eta egarri ibiliko gara. Beraz, gutxi-gorabehera bost orduko bidea bete ondoren, Araiara helduko gara. Eguraldi ona izanez gero, frontoiko arkupetan edo elizako portxean bazkaltzeko aukera edukiko dugu, tabernetatik gertuko leku estrategikoan.


