Bazkide hori:
Martxoaren 15ean izango da hurrengo irteera, eta Gipuzkoako ingurune maite batera joango gara. Hain zuzen ere, Arantzazu inguruetara joatea proposatzen dizugu. Barrendiolako urtegitik atera. Bizkorniako mendiak igaro eta Arantzazun bukatuaz.
Ibilaldi erraza da, ez du zailtasun teknikorik
Barrendiola 545m.
Urtegiko hormaren gainetik beste aldera pasa eta bere aldamenetik doan bideari jarraituko diogu. Ondoren, baso artean goraka doan bide zabalari helduko diogu, “GR Arantzazu” markei jarraituz. 3,5 km egin ondoren, Kataberako bordetatik pasako gara. Basotik irteten garen heinean, Kataberan izandako meategien arrastoak agertzen hasiko dira. Talaia bikaina bihurtuko da igoera malkartsu hau (eguraldia lagun).

Biozkornia. Ezkerrean, Artzanburu
Biozkornia 1.200m.
Biozkorniako lepora iritsita, Arantzazuko bidea laga eta ezker aldera dagoen Artzanbururako igoerari ekingo diogu (marka horiak).
Artzanburu 1.365m.
Artzanburu ibilaldiaren punturik garaiena da eta beherantz abiatuko gara hego-mendebalderantz eginez.

Bidegurutzean, guk ezkerrerantz joko dugu.
Bidegurutzean ezkerrerantz “Arantzazu, Duro, Urbia” bidezidorretik, Urbiara iritsi arte.
Urbia 1.120m.
Mendebalderantz, Arantzazurako ohiko bidetik abiatuko gara. Elorrola gainetik beherantz hartu eta gutxira, ezkerrerantz egingo dugu pagadi batean zehar, Iturrigorri errekara iritsi arte. Horren ondotik jarraituko dugu, eskubitik datorren Urkullu errekarekin bat egin arte. 1,5 km faltan, aldapatxo bat igo ondoren, Arantzazun sartuko gara ibilaldiari bukaera emateko.
Laburbilduz:
Abiatu………………..Barrendiola 545 m.
Punturik garaiena…..Artzanburu 1.365 m.
Bukaera………………Arantzazu 700 m.
Kilometroak…………16 km.
Denbora……………..5-6 ordu.
Irteera: goizeko 07:30ean izango da, Agoues biribilgunean.
Izen-ematea: Mendizabal kinkila-dendan, martxoaren 9tik 13ra bitarte.
Animatu!


