Ekainak 20. Bi gailur: Sobarcal (2257 m) eta Acherito (2395 m)
Kilometroak: 15 km
Denbora: 5-6 ordu
Desnibel positiboa: 1200 metro inguru
Zailtasuna: erraza
Zailtasun teknikoa: erraza (Acheritok daukan tarte txiki bat, ordea, hogei metrokoa, zailtasun tekniko ertaina eduki dezake)

Udako aurtengo lehenengo irteeran Pirinioetako Mendebaldeko Haranetako Parte Naturalera egingo dugu bidai, Linzako bailarara, hain zuzen. Linzako aterpetxetik aterata, garai batean Pirinio guztiak lotzen zituen bide zahar bat hartuko dugu gida, Petretxemako leporaino iristen dena. Bide hau, tarte honetan “Camino de las Escalerillas” izenarekin ezagutua, Linzako lepo eta Foyas del Ingeniero artean igarotzen da, baina gaur egun ez du ia erabilerarik. Horri esker, zonalde honetako fauna gertutik ikusteko aukera edukiko dugu, sarrioak eta marmotak, besteak beste. Garai bateko GRko marka gorri-zuri zaharrak hautematen dira ere nonbait.

Petretxemako lepora iristean, Pirinio ia osoko postala dugu gure zain, leku guztietatik ikusten den agin formako mendia besteen gainetik nabarmentzen delarik; mila aldiz ikusi arren, beti zirrara gorputzean sartzen diguna. Baita Bisaurin, Ip, Petraficha, Acher gaztelua, etab. Hemendik, eguneko lehen gailurra igoko dugu: Sobarcal (2257 m), mendi ez oso altua, baina oso berezia (Linzako bailaran sartzean ikusten den lehen mendi liraina baita) eta tximinia txiki polit batekin, zailtasunik gabea. Igoera honetan, etengabe edukiko dugu bistan Ansabereko orratz garaia, guztiz liraina. Lepora berriro bueltatuta, Acheritori (2395 m) bere iparraldetik aurre egingo diogu, sabelean tximeletak sorraraziko digun igoera ikaragarri batekin, gure mendi-zaletasuna gogoraraziko diguna.

Eguneko punturik altuenera heldu gara, Mendebaldeko Haranetako Parte Naturalaren gailur garrantzitsuenetariko batera, dudarik gabe. Jaitsiera luze bat dugu orain aurrez aurre, beste puntu polit eta natur aldetik oso interesgarrietara eramango gaituena: Huerto lepoa (Leskun bailararik datorren bide ia bertikala dugula ikusgai), Hartzaren pasagunea, Gamuetako basoa (guztiz basatia eta berdez jantzia urteko sasoi honetan) eta Zaldiaren pasagunea (Linzatik kilometro batera, Gamueta baso bertan, boulderreako pareta oso egokiak dituenak).


Linzan merezitako freskagarri bat hartu ostean, Isabako herrira jaitsiko gara, Oxaenea aterpean ostatu hartzera. Talde polit bat sortuta, eta eguneko erronka guztiak gainditu ostean, larunbata arrats-gaua Gorrindon eta Kartutxon amaitzea aukerarik onena iruditzen zaigu, gure eguneko emozioak partekatzen eta igandeko ibilaldia pixkana-pixkana irudikatzen.


Ekainak 21. Hainbat altxor: Zemetoko buelta
Kilometroak: 12 km
Denbora: 4-5 ordu
Desnibel positiboa: 700 metro inguru
Zailtasuna: erraza
Zailtasun teknikoa: erraza

Ibilbide biribil eta zorrotz honek, Ibilbide Txikia bezala seinaleztaturik (PR), Belagoako bazterratik Larrako Natura Erreserbaren bihotzera eta Ukerdiko ingurura hurbilduko gaitu, pagadi mordo eta goi mendiko paisaia harritsuak zeharkatuz. Nahiz eta distantzia oso handia ez izan, igotzeko aldapak oso nabarmenak dira, kilometro gutxitan desnibel oso handia metaturik. Atzo gaueko kaloriak botatzeko ibilaldi paregabea, esan beharra dago.

Bidea Mata del Hayatik hasiko dugu, Mendebaldeko Haranetako Parte Naturalean hobeto kontserbatuta dagoen pagadi eder batetik. Gaurko lehenengo altxorra dugu eskura. Atzo Gamuetan bezala, basoa guztiz basatia eta berdez jantzia dago urteko sasoi honetan, pertxenta eta pinpirin Fidelen argazkien zain. Basoa atzean utzita, Bitxitozako sakanara helduko gara, eta ibaiaren ubidetik hirurehun metro ibili eta gero bide aldapatsua hasiko da, pagadi basati eta gaztez inguraturik. Hemen, eguneko beste altxorretako bat dugu ikusgai: Antxomarreko koba. Bertan Beroi hartza egongo da gaurkoan lo? Egotekotan, bi altxor baten truke.

Aldapari jarraituz, Larreriaraino iritsiko gara, non ibilaldia GR-12arekin elkartzen da zati txiki batean. Gure bistan Larrak eskaintzen digun paisaia karstikoak, eguneko beste altxorretako bat, baita kontrabandisten aztarnen bat ere. Bidea aurrera eta gora doa beste gaina batera ailegatu arte, eta hemendik jaitsiera ederra hasiko da pagadien zehar, Zemetora iritsi arte. SL-NA 82ko bide zati txiki komun baten ostean hegoaldera bideratuko gara Zemetoko behatoki ikaragarrigatik pasata, eguneko azken altxorra, nondik Belagoako bailara osoa ikus daitekeen.

Hemendik, Mata de Hayara bideratuko gara lehendabizi basobidetik eta ondoren errepidetik (azken zazpiehun metroak). Eguna Venta Juan Piton edo Mata del Hayan amaituko dugu, mokadutxo bat hartzen eta freskagarri batekin eguneko sentsazioak eta argazkiak konpartituz.

Autobusean Zarautzera bueltan, Erronkariko bailara atzean utzita eta atzeko ispiluari begirada botata, orduan sentituko dugu Pirinioak uzterako momentuan azaleratzen den tristura emozio indartsua, baina bihotza guztiz beteta eta pozik, eta konbikzio argi batekin: Pagoetako asteburuko irteera honetara apuntatu izana erabaki hona izan dela, eta errepikatzeko aukera uztailean edukiko dugula. Ordurarte, zuen zain.


Ekipajea: udaberriko ohiko ekipoa; beroki/euritakoren bat, makilak, esku-zorroak, bi egunetarako mokaduak, ura eta abar. Ez sartu pisu gehiegi motxilan.
Lotarako tokia: Isaba-ko Oxanea aterpean.
| PREZIOAK | Gazteak | Helduak | |
| Bazkideak | 55.00 (25 urte arte) | 90.00 | |
| Bazkide ez direnak | 60,00 (25 urte arte) | 100.00 |
ORDAINKETA:
| KUTXABANK | 2095 5076 48 1065685215 |
| LABORAL KUTXA | 3035 0029 65 0290015562 |
PREZIOETAN SARTUTA DAGO: Joan-etorria autobusez Zarauztik, afaria, lotarako lekua eta gosaria (mendirako edota gainerako mokaduak norberaren kontu)
Izen-ematea
Bi aukera daude:
– Elkartearen helbide elektronikora idaztea (pagoetame@gmail.com), norberaren datuak emanez eta ordainagiriaren dokumentua erantsiz.
– Pagoeta Mendizale Elkartean ostegunetan. Egunak: Ekainak 4an eta ekainaren 11an. Ordutegia: 20:00tik 21:00ra
Irteera goizeko 06:00etan izango da, Agoüeseko biribilgunetik.
Animatu!
