Oraingoan, Nafarroa Garaiako ipar-mendebaldean dagoen Larraun bailaran “bailara” deitzen bazaio ere, egiazki ez da horrela, zeren eta bertako urak batzuk Atlantikora isurtzen dira, eta besteak Mediterraneora) zehar ibiliaz osatuko dugu ibilaldia.

Larraun bailara 16 herriska edo kontzejuz osatua dago, eta; ondorengoak dira: Albiasu, Aldatz, Alli, Arruitz, Astiz, Azpirotz, Baraibar, Errazkin, Etxarri, Gorriti, Iribas, Lezaeta, Madotz, Mugiro, Oderitz, eta Uitzi, Eraso etxe-gunea ere badu. Herri hauetako bizibidea ia orain artean behintzat, eta gehien batean nekazaritza, artzantza, eta basogintza izan da.
Lekunberri, udalerria ere, Larraunen erdialdean kokatuta dago, baina biak administratiboki independenteak dira, zeren eta, gainerako udalerriekin zituen tira-birak tarteko 1990 hamarkadaren hasieran independizatu egin zen eta bere udalerria sortu. Dena den, Larraungo udaletxea Lekunberrin bertan egon da 2018ko abenduaren 27ra arte, baina data horretatik aurrera, Mugiron dago.

Txangoa, Gorritiko plazatik,(682 m) hegoalderako norabidean abiatuz zementuzko bide bati jarraituko diogu, berehala, ipar-ekialderako norabidea hartuko dugu, hesi bat gurutzatu, eta gora begira jarriko gaitu bideak. Hemen, basoan sartzearekin batera une batez ez dugu bide garbi edo zehatzik izango, baina inolako arazorik gabea Akordetagana (867 m) muinoan izango gara

Gain honetatik, eguraldia lagun, talaia bikaina dugu, aurrez aurre ditugun Aralarko mendilerroa bere Balerdi monkorrarekin, eta Araitz bailarak eskaintzen dituzten paisaiaz gozatzeko.

Hemendik, berehala, Gorriti, eta Uitzi lotzen dituen bideari lotu eta jarraituaz, Uitzi (705 m) herrira jaitsiko gara Herrigunea bi zatitan banatua dago: elizaren ingurukoa bata, eta herriaren behealdean eta errepideaz bestaldera dagoena bestea.

Arkitektura aldetik, etxe handiak dira, elkarrengandik bananduak, eta eliza bezalaxe, XVIII. mende ingurukoak gehientsuenak. Horietako batzuk armarri barrokoak luzitzen dituzte. Bestenaz, badira ere XIX. mendeko beste batzuk ere, kubikoak eta lau isuriko tailatukoak izan ohi direnak eta jauregi itxura dutenak:

Adibide gisa; Juanenea, Osanbelena, Martiperena eta Orixenea dira horietako batzuk.

Bideari jarraitzeko herrigunearen bekaldean errepidea gurutzatu eta mendi-bide batetik gora eginez, eta berehala baso artean sartuaz, Uitzi Goia (805 m) mendatean izango gara.

Gain honetan errepidea gurutzatu ondoren ipar-mendebalderako norabidea hartu, eta pago artean ibiliaz egingo dugu ia Guratz (976 m) gailurrera arteko bidea.

Hemendik, jada beherako bidea egitea gelditzen zaigu. Horretarako, lehenik hego-mendebalderako bidean jarriko gara, eta berriro pagadian sartuaz mendebaldera jarraituko dugu Matxain deitzen den inguruetara bitarte. Hemendik, hegoalderako norabidea hartuaz mendi bidean barrena jarraituz, berehala gara txangoaren abiapuntua izan den Gorritiko plazan.

Distantzia: 13 km inguru
Igoera/jaitsiera metatuak: 590 m inguru
Denbora: 4 ordu t’erdi inguru
Zailtasuna: ez dauka aparteko zailtasunik
Irteera: Goizeko 7:30ean Agoues-eneko biribil-gunetik

Track-a

OTSAILAK 24: GORRITI – AKORDETAGANA – UITZI – UITZI GOIA . GORATZ – GORRITI