ARALAR, mundua leku den lurra NATUR DOKUMENTALDIA. Zarautzen (Ondoren forum-saioa izango da)
Arkamurka natura-elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Urteurren seinalatua da, zenbaki borobila. Naturaren ezagutza eta natur kontserbazioa helburu dituen taldea izanik, hainbeste urtetan irautea eta oraindik elkarrekin gure zereginean jarraitzeko gogoa izatea ospatzekoa da. Horixe dugu helburu, eta horretarako egitarau berezia prestatu dugu aurten.
Lehen aldiz hainbeste urtetan, natur balioak eta gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskainiko dugu otsailetik iraila bitartean (udako hilabeteak salbu). Hilaren azken asteartean eskainiko dira, 20:00eta eta ireki berria den Modelo aretoan.
Natur dokumental hauek ostean FORUMA izango dugu. Dokumentalen egileak, edota dokumentalak lantzen duen gaiaren inguruko adituak gonbidatuko ditugu natur kontserbazioaren inguruko eztabaidak sustatzeko entzuleen artean. Naturaz gozatu eta egun natur kontserbazioak dituen erronkez aritu nahi dugu, plaza zabalean, adituen eta herritarren arteko parte-hartzearekin. Datozen egunetan emango ditugu ziklo osoaren argibideak.
Lehen dokumentala datorren asteartean eskainiko dugu. ARALAR, Mundua leku den lurra eskainiko dugu. Dokumentalaren zuzendariak eta Landarlan ingurumen taldeko kideak gonbidatu ditugu eta haiekin mantenduko dugu ondoren solasaldia. Gaur Aralarko parke naturalean artzantza/abeltzantzaren eta natur kontserbazioaren artean dagoen gatazka plazaratu eta horri buruz dauden iritzi ezberdinak partekatu nahi ditugu. Gonbidatuta zaudete guztiok dokumental-forum honetan parte hartzera. Datorren asteartean, Otsailaren 27an, izango da Modelo Zineman arratsaldeko 20:00etan
Orain arte Enirio-Aralar parke naturalari buruz egin den “lanik ikusgarri eta osoena” da bera. Bertaratzen direnek “Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat” izateaz gain“ikusleak bertako haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak” ezagutzeko aukera bikaina izango dute.
Aralarko irudi ikusgarriak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baina baita hainbat adituren azalpen teknikoak ere. Hala, Aralarren geologia eta ura, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila izango dituzte hizpide. Pello Ramirez musikari ordiziarrak egin du soinu banda. Zuzendari taldea berriz, Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi goierritarrek osatu dute.
Dokumentalaren estreinaldia pasa den urteko urriaren 18an izan zen, Donostiako Principe aretoan. Hurrengo egun eta asteetan, beste hainbat zine aretotara zabalduko dute; besteak beste, Beasain, Ordizia, Zumarraga, Tolosa, Tolosa, Bilbo eta Hazparneko zinemetan ikusi ahal izango da.
Dokumentalaren trailerra: