BERROTZA Lizarraldeko haran oso polita da eta, bere ertzetan kokatzen diren Azedo, Asarta, Kabrega, Mendatza, Iturriaga, Nazar, Mues, Piedramillera, Sorlada, Ubago eta Otiñano herriak daude.
OTIÑANO, Kodes azpian dagoen Berrotzako azkeneko herrixka da, nahiz eta administratiboki lau kilometrotara dagoen Torralba del Río udalerriko kontzejua izan.
1456. urtera arte Berrotzako herria izan zen. Garai horretan ez zen biztanlerik geratzen herrian eta Leonor printzesak, zorren bat kitatzeko, Otiñanoko lur guztiak, lau kilometrotara dagoen Torralba del Ríoko udalerriari eman zizkion, Otiñanon inoiz biztanleak egonik ere, hauek beti Torralbaren menpe egongo zirela onartuz.
Otiñanotik (690m) abiatuko gara eta, Kostalera bistan dugula, 2,5 kilometrotara dagoen NAZAR-era (740m) iritsiko gara.
Hemen 1. AUKERA izan dezakegu (trackean gorriz). Eguraldi baldintza egokiak izanez gero eta talde txiki bat animatuko balitz, Kostalera gailurretik egin daiteke. Zailtasun piska bat duen sei kilometroko tartea da (behetik baino hiru kilometro gehiago). Leku batzuetan bide garbirik ez dago eta ezpel artean ibili behar da. Gainera, hiru edo lau tarte lau hanketan egin behar direnez, ez da gomendagarria talde handian egiteko.
Talde nagusia, Kostalera erpinaren azpiko maldatik artadian barrena doan pistatik jarraituz mendi-lerroaren ipar-mendebaldean dagoen mendatera (1156m) joango da, hau da; Kanpezurako bidegurutzera iritsiko da.
Hemendik Kodesko mendikatea ikus daiteke eta, aurrerako bidean hiru kilometrotan ezkerretara Nafarroako Berrotzako ikuspegi zabala goza daiteke eta, eskuinera Arabako Kanpezu aldeko lautada, Lokiz,…
Ondoren 2. AUKERA izan daiteke (trackean arrosaz): eguraldiaren eta orduaren arabera, Ioar (1417m) mendi tontorrera igotzeko aukera izango da (joan-etorria 2 kilometro inguru eta, 250m igoera/jaitsierak).
Hemen, Kodesko Santutegirako bidea hasiko da. Harkaitz izugarri ederren artean, harri arteko malda behera pikoan bi kilometro eginaz iritsiko gara bertara (790m).
Eta amaitzeko, lau kilometro faltako dira Otiñano-ra iristeko.
Distantzia: 15 km inguru (aukerak aparte)
Igoera metatua: 900 m inguru (aukerak aparte)
Jaitsiera metatua: 900 m inguru (aukerak aparte)
Zailtasuna: Erraza 1. AUKERA ezik. Irteera: Goizeko 7:30ean Agoues-eneko Biribil-gunetik