BELAGUA – HIRU ERREGEEN MAHAIA – LINZA
Gazteak gineneko oroitzapenak datozkigu mendi honetara igotzean. Garai hartan, Piriniotara, ez ginen gaur egun bezain sarri joaten. Bidaia bera ere, luzeagoa zen; denbora gehiago behar izaten zen Erronkaribarrera iristeko.
Beraz, Euskal mendizaletasunaren klasiko hau igoko dugu, eguraldiak eta egun bertako baldintzek uzten badigute.
Diotenez, Hiru Erregeen Mahaian, bat egiten zuten hiru erreinuek: Nafarroakoak, Aragoikoak eta Biarnokoak. Tontorrean elkartzen ziren beraien arazoez eztabaidatzeko hiru erregeak, inor bere lurretatik irten gabe. Baina hau guztia, kondaira bat baino ez da. Berezko muga, ekialdera dagoen aurreko tontorrean egiten du. Zapalgune moduko bat egiten du tontorrean eta hortik datorkio izena bera: Mahaia edo Mesa eta Table erderaz.
Kontuak kontu, asteburu osatua eta “kondimentuekin” denontzako egon dadin…
Larunbatean aterako gara Erronkaribar aldera eta busean lo kuluxka bota ondoren, Ezkilzarrako parajean askatuko dugu artaldea. Tipi-tapa, gure pausoak, bertako belardi gozoak zapalduz joango gara. Barneratzen joan ahala, Larrako arraiduran edo Karst-ean murgilduko gara. Lapazarrako magaletik, zeharka aterako gara Larreriako lepora eta bertatik GR12-ren marrei jarraituz, Pakiza Linzolako magaletik, Solanako sakonera eramango gaitu. Belardi eta harkaitz pitzatuetako bazter honetan erabakiko dugu, Linzara jeitsi ala Hiru Erregeen Mahaira igo. Tontorrera igotzeko hautua egiten dutenek, aukera anitz dituzte: Ukerdi, Budogia edo bide arrunta jarraituz. Goiko mahaian, “batzar irekia” egingo da !!
Gailurreko ikusmiraz gozatu ondoren, Solanako ordokira jaitsiko gara eta hemendik bide-zidor goxo eta lehunean, Linzara.
LINZA – ANZOTIELLO LEPOA – OZAKO OIHANA
Goizeko ihintzarekin batera abiatuko gara Linzako aterpetik. Begi bistan dugun Paso de Caballo aldera igoko gara. Hemendik Foyas de Gamuetako aterpera egingo dugu. Ordoki zabalean, zuzen jarraituz, Paso de Anzotiello aldera egingo dugu harri artean. Hemendik aurrera ez dago zalantzarik bukatu arte; harri artean eta belardi gozo artean Mallos de Ferrerias aldera egingo dugu eta hemen Atxeritoko haranean sartuko gara.
Hemendik aurrera pistan behera egingo dugu aste bukaerako bizipenak kontatu eta Ozako Oihanera iristeko.