Eguneko mendi ibilaldi hau egiteko Nafarroako Baztan Bailarara joango gara. Hein handi batean bailara honetako mendi ibilaldi klasiko bat osatuko dugu, zeren eta klasiko hori Belate Mendatean hasi ohi da, baina oraingoan Iruritatik Eugira doan NA,174 errepideko 17,8 km inguruan, hau da;  Artesiaga mendatetik Eugi aldera piska bat behera eginez, Olazar, (810 m) errekaren ondotik hasiko gara

Erreka gurutzatu eta hego-mendebalderako norabidean hasieratik bertatik pago artean gorako bideari ekingo diogu, batzuetan bide garbitik eta besteetan zuhaitz artean doan zidorretik jarraituz Xoraluz (1173 m) lepora igoko gara. Lepo hau atzean utzi eta aurrera eginez (1285 m) basoa atzean utziko dugu

Behin basoa atzean utzita, laster batean Xuriain (1411 m) gailurrera iritsiko gara. Mendi gailur honen iparraldeko egitura edo osaketa berezia da.

Hemendik behera eginez, Xagardegi (1364 m) lepora jaitsiko gara. Aurrera egiteko, iparralderako norabidea hartu eta aurrera gainez-gain beti ere beherantz jarraituz eguneko txangoko gailurrik altuena izango den Saioa (1418 m)  azpiko lepora (1144 m) iritsiko gara. Lepo honetatik gailurrera iristeko, malda piko samarra igo behar dugu.  Eguraldia lagun, gain honetatik paisaia bikainaz gozatzeko parada izango dugu.

Norabide bertsuan gainez gain jarraituz eta beherantz eginez Elorregi (1004m) jaitsiko gara. Norabide berdinari eutsiz  gorako bidean jarriko gara, Abartan (1095 m) gailurrera iristeko.

Aurrera jarraitzeko, ipar-ekialderako norabidea hartuaz eta, bidezidor garbirik gabean malda behera eginez , Elorregiko Lepora (901m)  jaitsiko  gara

Hemendik, iparralderako norabidean, batzuetan bide zabaletik eta, besteetan zidorretatik behera eginez, Irurita (214 m) herrian amaituko dugu eguneko txangoa

Aukera bikaina du mendizaleak, klasikoak diren Saioa eta Abartan gailurretatik barrena ibiliaz mendi ibilaldi eder bat osatzeko

Distantzia:  17,5 km inguru

Igoera metatua:  950 m inguru

Jaitsiera metatua:  1550 m inguru

Zailtasuna: Duen desnibela

Denbora:  6 bat ordu inguru

Irteera: Goizeko 7:30ean Agoues-eneko Biribil-gunetik

TRACK-a

MAPA

OLAZAR – XURIAIN – SAIO – ABARTAN – IRURUTA