Eguneko ibilbidea, Durruma (San Roman de San Millan) herrixkatik irtengo da. Durrumak 92 biztanle ditu eta Arabako lautadan kokaturik dago.
Herritik hegoalderantz doan pista harturik gorantz hasiko gara, basoan sarturik. ehizatzeko postu batzuk pasa ondoren ezkerrera doan bidexka hartuko dugu, eta aurrerago berriz, gorantz hasiko gara pagadi eder batetan zehar
Baso eder honekin, liluratuta eta bidexka eroso batetik zehar berehala izango gara Atauko atakan, eta goiko larreetara irtengo gara sarbide honetatik.
Paraje hauen handitasunarekin txunditurik, eskubi aldera joko dugu lehengo tontorrera igotzeko. Mirutegi izango da gure lehen helburua. Gailur honek 1166m. ditu eta Arabako lautadaren ikuspegi zabala eskaintzen digu, eta parez pare edukiko dugu Aratz mendia, eta atzerago berriz Aizkorriko gailurreria.
Kresterioan zehar, eta hego aldera joanez, berehala iritsiko gara Baioko tontorrera. Naiz eta inguruko gailurrik garaiena izan, 1197m.ditu, ez ditu ikuspegi ederrenak, mendilerroaren albo batetan kokaturik egotearen desabantaila.
Ekialderantz jaitsirik, baso ertzetik ibiliko gara, goi larre hauetatik zehar Legaireko lautada aldera joanez, bainan gune horretara iritsi aurretik Mendiluzeko harrespilarekin topatuko gara. 1983an aurkitu zuten, eta handik urtebetera Jose I. Vegas Aranburu arkeologoak indusketa lanak burutu zituen. Harri txikiz egindako zirkulu honetan lau menhir haundi nabarmentzen dira. Barruan, hezur eta ikatz hondakinak zituen hilobi angelu zuzen (zista) bat aurkitu zuten eta 2700 urte inguru omen ditu.
Hamaiketakoa bertan eginik, aurrera jarraituko dugu norabidean. Une batetan hego alderako norabidea hartuko dugu, eta artzain txabola batzuen ondotik pasatu, eta mendebaldera hartuko dugu basoan zehar eta itxitura baten albotik Bikuñako portura iritsi arte. Hemen langa bat gurutzatu eta behera doan pistan Durrumara itzuliko gara amaiera emanaz irteera honi.
Zailtasunik gabeko irteera, eguraldia lagun
Iraupena: 5 ordu inguru
Distantzia: 15 km inguru
Igoera / jaitsiera metatuak: 750 m inguru
Irteera: Goizeko 7:30ean Agoües-eneko biribil-gunetik