Oraingo honetan, Gipuzkoako bihotzera joango gara gure txangoa egitera. Beasain, Ordizia, eta ingurukoek oso maitea duten Murumendira
Asteko, argitu nahi dugu Murumendira igotzeko, lehenik Ordiziatik eta, ondoren Mandubia-tik saiatu garela, baina bietan piñuak ateratzeko baso-lanak direla eta makinariak egindako txikizioaz eta lokatzaz lepo dauden bi bidekin topatu garela.
Hori dena kontutan izanda, ibilaldia, Beizamako Urdanpileta auzoan dagoen Santa Ageda (701 m) gainetik hasiko dugu. Pista zabala izango da zati luze batean, beraz, berriketan eginez lasai joan gintezke, Elordizabal Gaina (650m) iristean, bide zabala utzi, eta gorako bidean jarriaz Maramendi (721 m) gailurrera igoko gara. Gailurretik, atzera pauso batzuk egin ondoren, honen magalean dauden, bi tumulo aurkitzen dira, gune hau gure arbasoen atseden leku izan zela adierazten du, Murumendira begira.
Domingo Gaina (604 m) jaitsita mendi bidean aurrera jarraituko dugu, eta eskuinetara doan bidean aurrera eginez konturatzerako lurraren erraietara doan zulo baten parean aurkituko gara: aurrean dugu Damazuloa. Mari Ama Lurraren pertsonifikazioa da, eta zuloaren itxura ikusita, edonork sinesten du lurrean bizi dela. Ez da oso zulo sakona, baina segituan iluntzen dena bai, eta beraz, linternaren bat –edo kopetako argia– eramatea komeni da barrua ikusi nahi izanez gero. Miaketetan hasten denak, agian zuloan sorpresatxoren bat ere aurkituko du gainera, baina zer den jakiteko bertara joan beharko du, eta zortea eduki. Sartzera ausartzen bazarete, ez ahaztu irteterakoan atzeraka eman behar direla pausoak, Mariri ezin zaio eta bizkarrik eman.
Basoan aurrera jarraituko dugu, eta une batean, belar motxeko belaze batetik gora eginez, Arrapaitz (816 m) muinotik igarotakoan, aurrez aurre izango dugun Murumendiren (868 m) azken txanpa igoko dugu, beste belardi oparo batetik.
Eguraldia lagun, bertatik dagoen panoramika izugarria da. Oso urrutietako tontorrak ikus ditzakegu, eta laguntzaile modura ikusten diren mendi guzien izenekin mahaia dago.
Beherutz egin da, berriro lehen ekarritako bideari lotuaz jarraituko dugu, Maramendi tontorra bere eskuin magaletik zeharkatu, eta gero une batean eskuinetara Santa Maina (525 m) (Albiztur-ko auzoa) jaisteko bidea hartu ondoren, Txapartegi baserriaren ondotik igaroko gara. Hemen, etxearen aldamenean ogia erratzeko dagoen labea ikus dezakegu. Bideari jarraituz, Larrañaga baserri eder eta bikainaren edertasuna ikustean ohartuko gara garai batean ere, bazekitela gauzak ondo egiten!!!
Behin ibilbidea amaituta, eta denborarik bada, salda edo biterren bat hartzeko aukera izango dugu, bertan dagoen Segore Etxe Berri jatetxe ederrean
Ondoren, etxerako bidean jarriko gara, goiz polit bat pasa ondoren.
Distantzia: 12,8 m.
Igoera metatua: 650 m inguru
Jaitsiera metatua: 825 m inguru
Denbora: 4:30 – 5:00 ordu inguru
Zailtasuna: Ez du aparteko zailtasunik
Download “Murumendi 2020 Track-a” Santa-Ageda-Maramendi-Murumendi-Santa-Maña.gpx – Downloaded 200 times – 136,74 KB