Kurutzebarri (1.112 m)  ( Goiz-buelta)

Gaurkoan, Debagoienako gailur ezagunenetako batera igoko gara. Kurutzebarri Aretxabaleta gaineko tontor nabaria da. Izenak berak salatzen duenez, gurutze berri batek seinalatzen du mendiaren gaina; hain zuzen ere, berri samarra da, bertako mendizale batzuek eraiki baitzuten 1928an. Horren aurretik, Zaraia omen zuen mendiak izena, eta gaur egun ere horrela esaten diote bertako hainbatek. Zaraia izena mendigune osoa izendatzeko ere erabiltzen da. Kurutzebarri ez da mendiguneko gailurrik altuena, ordea: ondo-ondoan, Elorretako Haitza dago (1.146 m) eta, Apotza lepoak bereizirik, hegoaldera, Aranguren dugu (1.149 m).

Igoera Urkuluko urtegitik hasiko da; zehazki, Goroeta auzoko Santiago Apostoluaren elizatik (350 m). Hasierako bidea pinudi batean barrena igotzen den baso-pista bat da; lokatza izan dezakegu inguru honetan, basogintzako makineriak eta ganaduak maiztua baita. Basotik irten eta mendiaren ipar-ekialdeko bizkarra iritsiko dugu (700 m).

Bizkarraren ertzean gora igoko gara, ezker-eskuin gero eta ikuspegi zabalago bat begietaratuz, Axtenbaneta mendiaren ondoko zabalgune batera heldu arte (1.050 m). Kurutzebarrira igotzeko azken urratsak harkaitzaren arrakalen arteko bidezidor estu batetik egingo ditugu, leku batzuetan eskuez lagunduta (1.112 m). Goitiko ikuspegia zabala eta ederra da, zinez: besteak beste, Gorbeia, Anboto eta Udalaitz ditugu mendebaldean; ekialdean, Orkatzategi, Aloña, Aizkorri eta Aralar. Zorte pixka batez, Kantabriako mendiak eta Pirinioak ere begiztatuko ditugu.

Tontorretik jaitsitakoan, ibilbideak hegoaldera jarraitzen du, Elorretako Haitzaren eskuinaldetik. Nahi izanez gero, aukera dago bidea gailurretik igaroz egiteko. Apotza lepora iritsiko gara hurrena eta, Aranguren mendia gure eskuinean utzita, pagadian barneratzen den bideari ekingo diogu. Bideak erliebe karstiko bat zeharkatzen du, dolinak inguratuz, eta gorabeheratsua da. Halako batean, Deguria ingururaino daraman bide zabalago batekin egingo dugu topo; guk ezkerretara joko dugu, eta iparralderantz jaisten hasiko gara, Arbe erreka jo arte. Handik behera, pista bat doa gure ibilbidearen amaieraraino, baina erdibidean edo, pistak erreka zeharkatzen duen tokian, ezkerraldetik jarraitzen duen bidezidor bat hartuko dugu. Arbe errekaren ondo-ondotik joango gara, eta tarte batean arroka zapal batzuetatik igaroko gara; lurra bustia izatera, tentuz ibili beharko dugu. Errekaren eskuinaldera igaroko gara azkenik, ur azaleko ibi batetik, eta gure gainean eskuinetik Ametzueta eta Iruaitz mendien harkaitzak ditugula, bide zabal batetik iritsiko gara Urkulu inguratzen duen errepidera, non gure ibilbidea amaitzen baita.

Distantzia: 11 km inguru

Igoera / Jaitsiera  metatuak:   845 m. inguru

Denbora: 5 ordu inguru

Ibilbide erraza da, zailtasun teknikorik gabea.

Download “Kurutzebarri 2020 Track-a” Urkulu-uretegia-Kurutzebarri-Urkulu-urtegia.gpx – Downloaded 199 times – 138,50 KB
OTSAILAK 23: URKULU URTEGIA – KURUTZEBARRI – URKULU URTEGIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.