MARTXOAK 29: Albi – Lekunberri

Gure hurrengo irteera martxoaren 29ean izango da, eta Euskal Herriko Mendi Erronkaren 3garren etapa egingo dugu. Albitik Altxuetara igoko gara, handik San Migelera jaitsi eta Atako bailaratik behera Lekunberrira iritsiko gara. Mendi Erronkako 4 etapetatik errazena da.
Ibilaldi erraza da, ez du zailtasun teknikorik.
Luzera: 20 km
Desnibela: 620 m
Iraupena: 5 h
Irteera: goizeko 07:30ean izango da, Agoues biribilgunetik.
Izen-ematea: Mendizabal kinkila-dendan, martxoaren 23tik 27ra bitarte.

Download “Albi - Lekunberri Track-a” EH-Mendi-Erronka-Albi-Lekunberri.gpx – Downloaded 714 times – 169,85 KB

MARTXOAK 15: Artzanburu

Bazkide hori:

Martxoaren 15ean izango da hurrengo irteera, eta Gipuzkoako ingurune maite batera joango gara. Hain zuzen ere, Arantzazu inguruetara joatea proposatzen dizugu. Barrendiolako urtegitik atera. Bizkorniako mendiak igaro eta Arantzazun bukatuaz.

Ibilaldi erraza da, ez du zailtasun teknikorik

Barrendiola 545m.

   Urtegiko hormaren gainetik beste aldera pasa eta  bere aldamenetik doan bideari jarraituko diogu. Ondoren, baso artean goraka doan bide zabalari helduko diogu, “GR Arantzazu” markei jarraituz. 3,5 km egin ondoren, Kataberako bordetatik pasako gara. Basotik irteten garen heinean,  Kataberan izandako meategien arrastoak agertzen hasiko dira. Talaia bikaina bihurtuko da igoera malkartsu hau (eguraldia lagun).

Biozkornia. Ezkerrean, Artzanburu

Biozkornia 1.200m.

     Biozkorniako lepora iritsita, Arantzazuko bidea laga eta ezker aldera dagoen Artzanbururako igoerari ekingo diogu (marka horiak).

Artzanburu 1.365m.

     Artzanburu ibilaldiaren punturik garaiena da eta beherantz abiatuko gara hego-mendebalderantz eginez.

Bidegurutzean, guk ezkerrerantz joko dugu.

Bidegurutzean ezkerrerantz “Arantzazu, Duro, Urbia” bidezidorretik, Urbiara iritsi arte.

Urbia 1.120m.

   Mendebalderantz, Arantzazurako ohiko bidetik abiatuko gara. Elorrola gainetik beherantz hartu eta gutxira, ezkerrerantz egingo dugu pagadi batean zehar, Iturrigorri errekara iritsi arte. Horren ondotik jarraituko dugu, eskubitik datorren Urkullu errekarekin bat egin arte. 1,5 km faltan, aldapatxo bat igo ondoren, Arantzazun sartuko gara ibilaldiari bukaera emateko.

Laburbilduz:

 Abiatu………………..Barrendiola 545 m.

 Punturik garaiena…..Artzanburu 1.365 m.

 Bukaera………………Arantzazu  700 m.

 Kilometroak…………16 km.

 Denbora……………..5-6 ordu.

Irteera: goizeko 07:30ean izango da, Agoues biribilgunean.

Izen-ematea: Mendizabal kinkila-dendan, martxoaren 9tik 13ra bitarte.

Animatu!

Download “Artzanburuko Track-a” Barrendiola-urtegia-Triku-etxeta-Artzanburu-Urbia-Aranzazu.gpx – Downloaded 1123 times – 85,60 KB

Zarautz-Getaria irteera

Bazkide agurgarria:

Otsailaren 28an Zarauztik Getariarako irteera bat antolatu dugu, bidean zehar Xabier Alberdiren  azalpenak izango ditugularik.

Urtean zehar, irteeretara animatu den jendearekin osatu da Getarian ospatuko den bazkaritarako zerrenda.

Irteera goizeko 8retan izango da Zarauzko plazatik eta Getarian amaituko dugu.

Animatzen dena, ibilaldira izenik eman gabe etor daiteke.

Bestalde aste santutarako antolatu dugun irteera Berguedako mendietara bete da, ez dago plazarik.

Ondo izan.

Aste Santua: Berguedá

 Aste santurako prestatu dugun irteera Berguedà mendilerrora: Hemen informazio gehiago

Download “Aste santua 2026” AsteSantua2026.pdf – Downloaded 715 times – 2,58 MB Download “Egitaraua eta baldintzak” Egitaraua-eta-bandintzak-2026.pdf – Downloaded 696 times – 182,22 KB Download “Apirilak 2-ko track-a” Borreda-La-Quar-Monestir-Portella-Salga-Aguda-Pont-de-Ciment.gpx – Downloaded 647 times – 256,63 KB Download “Apirilak 3-ko track-a” PR-C-Pedraforkari-itzulia.gpx – Downloaded 584 times – 169,59 KB Download “Apirilak 4-ko track-a” Saldes-Cap-de-la-Gallina-Pelada-Saldes.gpx – Downloaded 599 times – 134,28 KB Download “Apirilak 5-eko track-a” Gosol-Cap-de-Vert-Gosol.gpx – Downloaded 626 times – 476,89 KB

OTSAILAK 7 – Bihotzean daramagun arantza: hiru urte ostean, Aratz 2.0

Kilometroak: 11,50 km

Denbora: 5-6 ordu

Desnibel positiboa: 850 metro inguru

Zailtasuna: ertaina

Zailtasun teknikoa: ertaina

Gaurkoan, Arabako ekialdeko mendietara egingo dugu bidai, berriro. Hiru urte pasa dira zehazki haizete bat dela medio Aratzetik berrehun metrotara buelta eman behar izan genuenean. Ordundik bihotzean daramagun arantza ateratzeko momentua iritsi da.

Asparrengo udalerria atzean utzita, martxa Ajuria Urigoitiatik goiz goizean hasiko dugu, garai batean mendietatik jaisten ziren metalak prozesatzeko lantegia zenetik. 1848 urtean eraikita, Euskal Herriko industrializazioaren ereduzko paisaia dugu ibilaldiaren hasieran. Gaur, egun batean izan zenaren hondakinak geratzen zaizkigu.

Lantegia eskuinean utzita, pixka bat aurrerago bagonetako aldapari aurre egingo diogu; horrela deituta antzina meategietatik lortutako mineralak lantegira jaistea baitzen haren helburua. Duela gutxi arte, aldapan ere garai hartako aztarnak ikus zitezkeen, hots, burdinbideak eta bagonetak. Gaur, han zegoen bagoneta bat berriztu eta Araian bisita daiteke.

Bagonetako aldaparen penditzarekin berotuta, pultsazioak igota, Aizkorri-Aratz parke naturalean barneratuko gara. San Miguel haitza ezkerretara utzita, basoan murgilduko gara eta, bi kilometroko txanpa egin ostean, Gaztazapadoiko etxolara iritsiko gara. Bertan, Gabonetan eta Gabonzaharretan mendira doazenei salda emateko ohitura dago.

Etxola atzean utzita eta PR-A 11 seinaleak jarraituta, Allarteko mendatera iritsiko gara, kilometro bat pasata. Arabako lautadako bistak atzean eskuragai edukiko ditugu. Hemendik, eguneko lehen tontorra: Imeleku (1419 m). Gailur honen izena magiaz beteta dago. Kondairek erraten duten arabera, inguruko mendatetan eta kobetan sorginak batzen ziren. Ime- (“eme”) -leku. Hauetako koba bat ikusteko aukera ere edukiko dugu (badaude pare bat simak direla: kontuz ibili behar!).

Pixkatxo bat jaitsita, Aratzarteko mendatera helduko gara. Hemendik, eguneko azken desnibelari aurre egingo diogu. Bostehun metroko aldapatxoa gaindituta, eguneko tontor altuena, gure kriptonita: Aratz (1445 m). Aurtengoan bai?

Aratzeko kresteriatik Elurzulora iristiko gara (1431 m) eta, hemendik, jaitsierari emango diogu hasiera. Baso bat pasata, Azkosaroira, herrian “La cabaña del tuerto” ezagututako korta. Hemen, egunak hala nahi izanez gero, paraje ederrak aurkituko ditugu. Atzean, Aizkorri. Ezkerrean, Elurzulora igotzeko beste igoera bat, kilometro bertikala. Gu gaurkoz nahiko.

Basoan berriro murgilduta, bi kilometro pasata, Iturriotzera iritsiko gara. Basoaren erdian dagoen iturria da, mendietatik jaisten den ur fresko-freskoarekin. Bertan indarrak ur tragoxka eder batekin behin berreskuratuta, bideari berriro ekingo diogu.

Hasieran pasa dugun bidegurutzea atzean utzita, bide ezagunetatik ibiliko gara orain. Amaierarako, ordea, sorpresa txiki bat gordeta dizuegu. Desbideratze txiki bat eginda, Marutegiko gaztelua bisitatuko dugu, herritik gertuko muino batean altxatzen dena. Goi Erdi Aroan eraiki zuen mugak defendatzeko, VIII. mendean hain zuzen ere, Nafarroako Gartzia Iñigez erregeak. Gazteluaren kokapen estrategikoagatik, funtsezkoetako bat izan zen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan.

Eskaladan adituentzat, igotzeko hainbat aukera daude. Ez gaurkoan. Hain zuzen ere, ordu honetarako gose eta egarri ibiliko gara. Beraz,  gutxi-gorabehera bost orduko bidea bete ondoren, Araiara helduko gara. Eguraldi ona izanez gero, frontoiko arkupetan edo elizako portxean bazkaltzeko aukera edukiko dugu, tabernetatik gertuko leku estrategikoan.

Download “Aratzgo Track-a” Ajuria-Urigoitia-Aratz-Ajuria-Urigoitia.gpx – Downloaded 675 times – 27,34 KB

URTARRILAK 25: LOKIZ MENDILERROA, GANUZATIK GALDIORA

Nafarroaren mendebaldean, Lizarreriko Ameskoa, Allin, Metauten eta Lana ibarren artean, Lokiz mendilerroa dago. Mendebaldeko zati bat Araban dago, eta Harana eta Kanpezuko haranak banatzen ditu.

Mendialde karstikoa da, mendebaldetik irekia de C formakoa, ekialdeko eta hegoaldeko ertzak harkaitz eta amildegi nabarmenak dituena.

Gure ibilbidea Metauten udalerriko Ganuza herritik hasten da. Mendebaldean ditugun harkaitzen arteko estugunera hurbiltzen hasiko gara, Ganuzako mendate ikusgarria gainditu arte. Ezkerretara Lokizko Santiago baselizara doan bidea utzita, iparralderantz hasiko dugu goi-ordekaren gaineko ibilbidea. Ezpel
mardulez inguratutako bide zabala utzi eta Ganuzako Mendate Zaharra edo “Puerto Viejo” atakara daraman bidezidorra hartuko dugu. Ataka horretatik Ganuzara jaits daiteke; guk iparraldera segituko dugu, labarren ertzetik, Sartzaleta gailurrera iritsi arte (1.110 m). Handik pixka bat jaitsi eta Aramendiako mendatera helduko gara. Labarren ertzetik doan bidetik jarraitu, Munetako mendatearen ondotik pasatu eta Lokiz mendira igoko gara (1.121 m). Ondo-ondoan dago San Kosme eta San Damianen baseliza. Beherantz abiatuko gara, PR-185 ibilbidetik. Galdioko mendatean, hego-ekialderantz doa bidea eta
harkaitz ikusgarri batzuen artetik pasatu ondoren, beherantz jarraituko dugu, Galdio (gaztelaniaz Galdeano) herrira iritsi arte.

Luzera: 14 km
Desnibela: 720 m
Iraupena: 4-5 h
Ibilaldi erraza da, ez du zailtasun teknikorik

Download “Ganuza - Ganuzako mendatea - Zartzaleta - Lokiz - Galdao Track-a” Ganuza-Lokiz-Galdio.gpx – Downloaded 661 times – 68,80 KB

2026ko lehen irteera, urtarrilaren 11n: Milafranga gaindi ibilbidea

2026ko lehen irteera, urtarrilaren 11n: Milafranga gaindi ibilbidea

2026ko lehen irteeran, Lapurdira joango gara, “Milafranga gaindi” izeneko ibilbidea egitera. Milafranga herrian barrena seinaleztatutako ibilbidea da, oso polita, erraza eta askotarikoa: Berrogain mendia, basoak, Errobi ibaia, landa-paisaiak.

Luzera: 12,7 km

Desnibela: 318 m

Iraupena: 3-4 ordu

Download “Milafrankan gaindi ibilbidea” Milafrankan-gaindi-ibilbidea.gpx – Downloaded 600 times – 134,18 KB

Abenduaren 19an, Jon Belokiren emanaldia

Bazkide hori:

2025eko emanaldien programari amaiera emateko, Jon Beloki zarauztarra gonbidatu dugu elkartera, eta abenduaren 19an, 19:00etan, bere esperientzia ugari eta aberatsen berri emango digu, hala nola 1998an Indiako Himalayako Dunagirikoa, 2002an Nepalen Annapurnakoa eta 2004ean Pakistango Gasherbrum IV eta IIIko igoeretakoa.

Himalayista handi bat gurean, ez da galtzeko moduko emanaldia izango.

Elkartean espero zaitugu,

Batzordea