Iguzkitza herritik abiatuko gara, eta, Labeagara iritsi aurreko bidegurutzean, ezkerretara joko dugu. Kanposantuaren ondotik igaro eta PR NA 186 bidetik segituko dugu, San Salvador iturrira iritsi arte. Argi seinalatua dagoen bide batetik igoko gara Deioko gaztelura (860 m). Gailurrera iritsi bezain laster, haitzaren gainean eraikita dagoen dorrea ikusiko dugu. Ikuspegi ederra dugu bertatik, Montejurra ekialdean eta Lokiz ipar-mendebaldean. Gaztelua X. mendekoa da. 908an, Banu Qasi leinuaren eskuetan zegoela, Antso I.a Gartzeitzek konkistatu zuen. Kondairaren arabera, erregea bertan lurperatuta dago. Gaur egun, hareharrizko horma zaharrak eta ur-tanga zaharra
baino ez dira geratzen, ganga-formako sabaia duen etxe baten barruan. Harresien barnean, gerora eraikitako ermita bat dago. Omenaldi-dorrearen hondarrak ere badaude. Aldapa piko batetik jaitsiko gara Villamayor de Monjardin herrira. Donejakue bidearekin bat egin eta Azketa herrira joango gara. Errepidea gurutzatu ondoren, aldapatxo batzuk igo eta La Purisima ermitara helduko gara. Iguzkitza herria izango dugu begien bistan, non gure ibilaldia amaituko dugun.
Distantzia: 14 km
Igotzeko desnibela: 483 m
Denbora: 4-5 ordu
Zailtasuna: Erreza, eta ez du zailtasun teknikorik
Irteera: Agoues biribilgunean, goizeko 7:30etan.
Ohi bezala, Mendizabal kinkila-dendan eman dezakezu izena, apirilaren 26ra arte.
Gurekin izango zarelakoan, ondo izan.
Batzordea
Download “Monjardin Track-a”
Iguzquiza-Monjardin-Villamayor-de-Monjardin-Azqueta-Iguzquiza.gpx – Downloaded 165 times – 31,91 KB