Ongi etorri Pagoeta Mendizale Elkartera!

Bisita egin diguzunez, gure Elkartearen nondik-norakoa laburtuko dizugu.

1958an sortu zen eta harrezkero martxan jarraitzen dugun mendizale talde bat gara.  Elkarte xumea da gurea, ia 900 bazkidez osatua, tartean umeak, gazteak eta helduak gaudelarik.

Zarauzko mendizale elkartea Irrintzikoek bataiatu zuten PAGOETA izenez eta Julian Ugarte pintoreari eskatu zioten logoa diseinatzeko. Haritz hosto erdi bat da irudia, zainak agerian dituena. Hosto muturrek Euskal Herriko mendiak irudikatzen dituzte etazainek eskaladako sokak, baita espeleologiarako erabiltzen zituzten sokak ere. Erdian kanpin denda bat du, mendizaleak babesteko.

Bazkideok txandaka hartzen dugu geure gain Elkartearen ardura eta gure helburuak dira mendizaletasuna sustatzea, taldea eta lagunartea eskaintzea eta, nola ez, naturaz eta adiskidetasunaz disfrutatzea.

Besteak beste, mendiko irteerak antolatzen ditugu, bai inguru hurbilean eta baita urrunago ere, jarduera fisikoa egin eta naturaz gozatzearekin batera paraje desberdinak ezagutzeko asmoz. Horrez gain, liburutegitxo bat daukagu, mendiko liburuez, aldizkariez eta mapez osatua, eta GPSko talde bat, hala nahi duten bazkideek aukera izan dezaten tresna hori ezagutzeko, erabiltzen ikasteko eta beren irteerak ere prestatzeko. Mendiko material alokairu zerbitzua ere eskaintzen dugu, raketak, pioletak eta beste hainbat material bazkideek erabiltzeko prest izanik.

Beraz, mendiko jarduera oro har  gogoko baduzu, ez izan zalantzarik eta zatoz guregana, pozik hartuko zaitugu eta.

Elkarteko Batzordea