Bazkide hori:

Honekin batera doakizun fitxategian, ekainaren 18-19 astebururako antolatu dugun Otxagabirako irteeraren informazioa duzu.
Izena emateko bi aukera daude:

  • Pagoeta Mendizale Elkartean egitea.Egunak:  Maiatzaren 26tik ekainaren   9a bitarte . Ordutegia: 20:00tik 21:00ra.
  • Elkartearen helbide elektronikora idaztea (pagoetame@gmail.com), norberaren datuak emanez eta ordainagiriaren dokumentua erantsiz. Maiatzaren 26tik ekainaren  13ra bitarte jasotako mezuak soilik onartuko dira.

Larrañeko bortua – Orhi  – Musumurru – Iratiko etxeak

Ibilbide-zeharkaldi honi hasiera, Larrañeko bortutik edo eta Iturzaeta mendatetik emango diogu. Tunela pasa eta metro batzuetara dagoen aparkalekuan utziko dugu autobusa.
Guk, Orhira doan bidezidor zapaldu eta nabarmena hartuko dugu. Goizeko freskuran, konturatzerako izango gara tontorrean. Bertatik ikusten den ikusmira, alimalekoa da. Orhi da, Kantauri itxasotik gatozela, bi mila metrotik gora altxatzen den lehen tontorra. Hemendik hegoaldera, Muxumurru eta urtegi txiki bat izango ditugu begi-bistan eta bertara zuzenduko ditugu gure pausoak. Bertatik eskuinera egin eta metro batzuetan GR12-ari jarraituko diogu.
Geroxeago ordea, bide hau utzi eta Iratiko oihanean sartuko gara. Hemendik aurrera, pago eta izei ederren artean joango gara.  Lasaitasuna ia erabatekoa da. Txoriren baten txorrotxioak hausten du tarteka isiltasuna. Bidea markatua dago gezi urdin eta ia ezabaturiko marka horiekin. Erne joan beharko dugu marka hauek ez galtzen. Izan ere jende gutxi dabil paraje hauetan eta behin baino gehiagotan orbelak estaltzen du, guk egin beharreko bidea. Eta honela Elurretako Andra Mariren baselizara iritsiko gara. 1954ean inauguratu zuten Aezkoa eta Zaraitzuko bizilagunek. Hemendik behera Iratiko Etxeetan garagardo hotz bat hartu eta berehala helduko gara autobusa dagoen tokira.

Otsagabia – Itzaltzu – Gartxoten ibilbidea + Abodi

Otsagabiako kanpinean emango diogu hasiera ibilbide honi. Zaraitzu ibaian gora, Zatoia eta Anduña errekek bat egiten duten puntuan sartuko gara Otsagabiako herri eder honetan.
Eskuinera hartu eta zubia zeharkatuko dugu.

 Errekaren aldamenetik, ”estación patatera” delakora iritsiko gara eta hemen, panel informatibo batek, Otsagabia eta Itzaltzu arteko herri bidearen berri emango digu.

Herriaren irteeran, erdi ezkutuan dagoen zutabe batek emango digu hartu beharreko norabidea. Hasieran hurrondo artean joango gara; bidean aurrera egin ahala, pago, pinu eta izei artean, baso laiotzean sartuko gara. Urte sasoiaren arabera, errekasto batzuk ere pasako ditugu ur gehiago edo gutxiagorekin.

Egurrezko zubi bat pasa eta Itzaltzura iritsiko gara.  Gartxoten bidea hementxe hasten da

Errepidez, kilometro pasatxo egin beharko dugu, Izaba aldera doan bidean.
Errepidearen ezkerretara dagoen egurrezko zutabe batek, Elkorreta-Gatxot jarriko digu, eta bide-zidorrean gora egingo dugu, marka laranja eta txuriei jarraituz. Pixkanaka aldapa eramangarrian, ezpel, pago, astigar eta elorri zuri artean, errez egingo dugu gora. Zelai gune eta larre ederretara iritsiko gara eta ekialdera begiratuz, Euskal Pirinioak ikusiko ditugu. Argazki batzuk atera ondoren, Elkorreta aldera hartuko dugu baina gure asmoa Abodira ere igotzea denez, bueltakoan bisitatuko dugu Elkorretako haitzuloa.
Abodi gainetik ere ikusmira ederraz gozatuko dugu. Orhi mendia ikusiko dugu parez pare. Larre motzean behera errekatxo bat pasa, basoan sartu eta igoeratxo baten ondoren, Elkorretara iritsiko gara.
Gartxoten kondaira, ahoz aho iritsi zen gureganaino, 1935ean Arturo Kanpionek
Itzaltzuko bardoa liburua idatzi zuen arte. Gero Benito Lertxundik kanta bat eskaini zion Gartxoti.

Beste bultzada haundi bat, Asisko Urmenetak eman zion marrazki bizidunen bidez.
2008tik aurrera Urtarrileko bigarren aste bukaeran, Gartxoten eguna ospatzen da Itzaltzun. Euskaltzale askoren zita garrantzitsua izaten da. Elkorretako haitzuloan kontatuko dizuegu Gartxoten kondaira. Hunkigarria benetan!!

Berriz ere bueltan, marka txuri- laranjei jarraituz, Benito Lertxundiren kantaren bat abestuz, Itzaltzura jaitsiko gara ibilbidea amaituz.

Ondo izan, eta animatu!

Bestalde arkamurkak prestatu duen astearen informazio duzue esteka honetan:
https://arkamurkanaturtaldea.blogspot.com/2022/05/zarauzko-xxiv-astronomia-astea.html
Eta beste esteka honetan larunbat honetan Zarautzen antolatu duten irteera botanikoaren berri.

https://arkamurkanaturtaldea.blogspot.com/2022/05/irteera-botanikoa-zarautzen-baso.htmlBatzordea

Otxagabia-ekainak-18-19 baldintzak

Download “Ekainak 18: Larrañe - Orhi - Iratiko etxeak”

Larraneko-bortua-Orhi-Iratiko-etxeak-traka.gpx – Downloaded 612 times – 303,39 KB

Download “Ekainak 19: Gartxoten bidea + Abodi”

Otsagabia-Itzaltzu-Gartxoten-Ibilbidea-Abodi-traka.gpx – Downloaded 669 times – 396,40 KB
Piriniota irteera ekainak 18-19 + arkamurkako informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.