Goñi eta Olloko haranak ez dira oso ezagunak, baina beren lurrak hedatzen diren Andimendiko goi-lautadetan jende andana ibiltzen da oinez zein mendiko bizikletaz. Batik bat Beriaingo gainean dagoen San Donato baseliza izan da horien guztien jomuga, baina azken urte hauetan gertu dagoen Olibesarioko saroian kokatu duten Euskal Herriko erdigune geografikoa dela eta, zonalde honek interes berezia piztu du eta mendizale askoren erreferentzia geografikoa eta sinbolikoa bihurtu da.

San Donato baseliza Nafarroako Sakana eskualdean dagoen Uharte Arakil udalerriko lur-sailetan dagoen baseliza da. Zehazki, Beriain mendiaren gailurrean dago, 1.493 metroko garaieran. Jende askok modu okerrean Beriain mendiari San Donato mendia ere deitzen dio, mendi honen gailurrean dagoen San Donato baselizarekin nahasturik. eraikina bi zatitan banatuta dago: bata, baseliza bera, eta bestea mendizale eta ibiltarientzako aterpea dena.

Antzinako baselizaren eraikitze data zehatza ezezaguna da; dena dela, 1642 urteko aipamena dago. Egungo garaietan, berriz, eraberritu izan zen 1906an. Geroago hondatuz joan zen, harik eta 1958an berreraiki zuten arte. 2005. urtean eraikinaren barnealdeko egoera tamalgarria zela eta (zikinkeria, idazki eta margo politikoak, zaborrak, bertaratutako batzuen utzikeria…) zaharberritu egin zen. Horretaz gain, kontutan hartu beharrekoa da baselizaren kokapena: ingurune isolatua, garaiera handian, baldintza klimatologiko gogorrak… guzti hauek denek baselizaren kanpoaldea denbora igaro hala asko kaltetu zuten. Baselizaren barrenean, aldarearen harriak San Donato eta San Kaieten irudiak eusten ditu, bi hauek izatez igeltsuzko erreplikak direlarik. Nafarroako baselizetan altuen dagoena da Beriain mendiko hau.

Euskal Herriko erdigune geografikoaren kokalekua aurkitzea ez da batere erraza ,bide nagusitik ez baita ikusten eta erne ibili behar da Olibesariko saroira iristean zutarri baten inguruan jarrita dauden hiruzpalau zirkulu zentrokidez osaturik dagoen erdigunea topatzeko. Paisaia aldagaitza, harriz eta belarrez osatutako izaera soila. Goi-lautadan altzoa dirudien sakonunea, isiltasuna nagusitzen den leku berezia.

Erdigunea kalkulatzeko masa zentroaren propietate bat erabili zuen Felix Isasa ingeniariak: gorputz bat edozein puntutatik zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa-zentrotik pasatzen da beti. 1:200.000 eskalako mapan komertzial bat euskarri batean itsatsi, bertan Euskal Herriaren mugak marraztu eta ahalik eta zehaztasun handienaz moztu zuen. Ondoren, perimetroko puntu batetik zintzilikatu eta marra bertikala marraztu zuen. Berdin egin zuen lehenengotik 90 grafdura kokatutako perimetroko beste puntu batetik. Marraztutako bi marrak elkartzen diren puntua maparen barizentro edomasa-zentroa da. Puntu hori dagoen maparen zatia 8 aldiz handitu zuen, 1:25.000 eskalako mapa lortuz eta handitutako mapa hori inguruko katastroko mapan gainezarri zuen, erreferentzia bezala Unanu, Ihabar eta Goñi herriak erabiliz. Erabilitako metodoak 250 metroko zehaztasun muga du. Kalkulua egitean Euskal Herriko zazpi herrialdeak izan zituen kontuan, Trebiñu eta Villaberde Turtzioz bezalako barrendegiak barne hartuz, ez hala Petilla Aragoi eta Eskiula. Kostari dagokionez, itsaso irekia ez den guztia barne hartu zuen, hau da, badiak, portuak, ibaiak… Petilla Aragoi barne hartuz gero 112 metroan aldatuko litzateke erdigunearen kokapena eta Bilboko portua (17 km²) kanpo utziz gero berriz 90 metroan. Aldaketa horiek aurrez aipatutako zehaztasun mugaren (250 metro) barruan daude. (Informaio iturria: Wikipedia).

Irteera: Agoues biribilgunean, goizeko 7:30an. 

Download “Beriain Track-a”

Beriaingo-itzulia.gpx – Downloaded 42 times – 75,66 KB
APIRILAK 14: BERIAIN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.