Ganekogorta, Bilbo hegoaldetik ixten duen mendiguneko gailurra da eta hiritik hurbil dauden mendien artean garaiena, (999 m)

Iparraldetik aldapa ertainak dituen gailur multzoak osatzen du; hegoaldea malkartsua eta harritsua da, eta Okondoko eta Zolloko haranetan amaitzen da.

Gailurreriak, ondo berezitutako hiru tontor ditu, Biberdi (871m),  Ganekogorta (999m), eta Galarraga (901m).

Gailurra Bizkaian kokatzen da, baina gailurretik 70 bat metrotara Bizkaia eta Araba herrialdeen arteko muga dago.

Hiritik igotzeko, aurrena PAGASARRI igo behar da.

Gaurkoan IGERTUKO aparkalekutik hasiko gara gorantz. Ezkerraldean San Rokeren baseliza ikusiko dugu. Aurrera egingo dugu, legarrezko pista zabaletik, eta Zapaburu iturrira helduko gara. Handik laster hiru adarretan banatzen da bidea: ezkerrekoa Astarbe pista da, eskuinekoa, zabala, Ganeta mendiaren ekialdetik gora doa (pista horretatik itzuliko gara gero) eta erdiko bidea, gaur igoko duguna, Pagasarriko bide zaharra da.

Eskailera-maila batzuk igo eta gora egingo dugu amerikar haritz edo haritz gorriko baso polit baten itzalean. Bide horrek bat egingo du Pastorekorta muinotik datorren hartxintxarrezko pista zabalarekin. Hegoalderantz jarraituko dugu baso-pista batetik Pagasarri eta Ganekogorta banatzen dituen basoraino. Handik gora, aldapa gogorreko bidea dugu Ganekogortaren gailurreraino. Tontorrera iritsi garela adierazten duten erpin geodesikoa, eta buzoia ditugu.

Ganekogorta, bost deiadar-mendietako bat da; Sollube, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz dira horiek. Gailur horietatik egiten zen Bizkaiako Jaurerriko Batzar Nagusietarako deia.

Ganekogorta gainetik: Eretza, Oiz, Mugarra, Anboto….ditugu ikusgai.

Itzulera,  mendi lerroa gainez gain zeharkatuz egingo dugu.

Distantzia: 14,5 km inguru

Igoera / jaitsiera metatuak:  800-na  m. inguru

Denbora: 4:30 – 5:00 ordu inguru

Zailtasuna: Ez du aparteko zailtasunik

Irteera: 7:30ean Agoues-eneko biribilgunetik

URTARRILAK 12: GANEKOGORTA – PAGASARRI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.